XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BAIONA

KASKOIN-KAPITOA

San Andre-ko salan eskuarazko komediak emaiten baitira, kaskoinek ere pentsatu dute beren mintzaira toki berean goresten ahal zutela. Zertako ez?

Joan den astelehenean kaskoinzainek hor egin dute beren primaderako kapitoa.

Gauzak alegeraki deramatzate.

Duela 54 urte Baionan eman zuten Meusclagne deitu ikusgarri bat; arrakesta gaitza ukan zuen.

Astelehenean hartarik eman dituzte zonbait zati, eta segur bazen irri egitekoa.

Bigarren haitadan mintzatu dira Berges, Laxague, Jean-Pierre, Durdeyte, eta Mendiara.

Behar dugu aitortu Akademia horrek omore ona erakusten duela bururen buru bere bilkuretan, Eskualzainek eta Eskualzalek ez bezala.

EZKONTZA

Paul Exposito ezkonduko da Baiona-ttipiko elizan maiatzaren 8-an hameka orenetan Milafrangako Maampiuml;te Daguerre anderearekin.

Oraitik desiratzen diotegu besta on, ondoko egun hoberenekin. Bien familieri gure goresmenak.

SEMPERE

JAUN AUZAPEZARI LETRA BAT

Jaun Auzapeza,

Hamabortz egun du doi doia laborariek irabazi dutela beren larren gainean zuten auzia Baionan eta gauza ber bera erreberritzerat zoazi, oraiko aldian larre atheratzeko hartzen ditutzun lur batzuen gainetik.

Lur berriak aspaldian nahi ditugu, baitakigu zoin nekhe den hamabortz, hogoi bat golderekin bizitzea.

Denborak ditu berri frangok laborarieri lur atheratzeko kondizione hoberenak eman dituztela!

Senperen gauza horren gainean lo ginautzin... gauza hortaz zure ganik ez ginuen axola haundirik ikusten eta bizkitartean laborariekin behar duzu kondatu herrian.

Orai beraz uruski zure ikusteko manerak iduriz berriak dire.

Bainan zure egiteko manerak ez othe dire aintzinean bezalakoak?

Lakuaren egiteko saldu ditutzu herriarenak ziren lurrak, dretxo zinuen.

Saldu ditutzu ere laborariek gozatzen zituztenak, eta hori jujek ez du onetsi.

Lur berri egiteko emaiten ditutzu herriko larreak, biba zu.

Bainan ere herriaren eskuko ez diren larre batzu. Zertako?

Eskualde hortarik ere behar othe dugu auzi bat ikusi? Aintzin hortako erakaspena ez othe zautzu aski? ala nahi duzu funtsik gabe tribunaletan herriko dirua igorri? ala nahi duzu erakusterat eman, jujek nahi edo ez, herriko buru gisa, herritarren ontasunen jabe zarela?

Delako lur-atheratze hortan, baditake partikularren lur zonbeit herrikoeri juntatuz egin ditazken ontasun pollit batzu.

Bainan orduan zertako ez jabeeri aipa, zertako ez heiekin antola, zure buru alde ari gabe? Zertako ez? Ala elgar aditzea baino nahiago duzu elgarren arteko saltsa?

Nola ez aintzinetik ikus zenbat nahasmendu izanen den egiazko jabeen eta gozatzaile berrien artean? Bixtan da gu izanen garela berriz ere, zenbaiten arabera, saltsa-egileak.

Ez ginuke bada holakorik nahi: guk nahi ditugu lagundu beren lurrak arrazoinik gabe galdu dituzten guziak edo galtzeko irrixkuan direnak, dituzten dretxoak galdatuz.

Eta sekulan, zure ustez, galdatzaile horiekin nihundik ez bazinu antolatzeko manerarik bada lege bat Frantzian; zertako ez segi lege hori?

Gure agur hoberekin.

LABORARIEN ZINDIKATA.